Elikagaiei eta elikagaiak ekoizten dituenari duintasuna ematea, gizarteari bideratutako nekazaritzaren bitartez, eta ez sistema ekonomikoari lotutako nekazaritza batean oinarrituz
IFOAMen arabera: Berme Sistema Parte-hartzaileak maila lokalean kalitatea bermatzen duten berme-sistemak dira. Ekoizleak ziurtatzen dituzte, kontsumitzaileen parte-hartze aktiboa oinarri hartuta, eta konfiantzatik, elikadura sareetatik eta ezagutza-truketik abiatuta eraikitzen dira.
2024ko otsail eta martxo bitartean gertatutako nekazarien mobilizazioen aurrean, BS SARE IBERIKOA osatzen dugun BERME SISTEMA PARTE-HARTZAILEETAN (BSP) gauden ekimen agroekologikoetako ekoizleek, elaboratzaileek eta banaketa sisteman parte hartzen dugunok, bai eta hezkuntza mailan dihardugunok ere, egunotan izendatu eta baloratu ez den guztia izendatu eta baloratu nahi dugu, sistema kapitalistak diskriminatutako eta harrapatutako balioak direlako, azken hamarkadetan ere elikagaien ekoizpena eta banaketa antolatzen jarraitzen duelako, eta gizarte osoari sinetsarazi diolako elikagaiak ekoizteko eta banatzeko modu onuragarri bakarra dagoela.
Sistema Agroekologikoak baloratu nahi ditugu, horiek zaintzen baitute ingurumena, hau da, lurzorua guztiaren oinarri gisa, bizidun guztien, uraren eta airearen oinarri gisa. Flora eta fauna zaintzen ditugu, eta landa eremuko, hiri inguruko eta hiriko espazioak okupatzen ditugu. Nekazaritza-sistema oso ahulak aurkitzen ditugu, egunetik egunera pertsonen Elikadura Burujabetza zailtzen dutenak. Haziak, haien balio genetikoa eta klima-aldaketetara egokitzeko duten gaitasuna zaintzen ditugu, hauek merkantilizatu eta kontrolatu gabe. Herriek eta kulturek euren gastronomien oinarria kontrolatzeko duten eskubidea zaintzen dugu, mendekotasun kontrolaezinak sortzen dituzten nazioz gaindiko erakundeen eskuetatik aldenduz. Elikadura zaintzen dugu eta elikadura-pobreziari aurre egiten diogu, egunero kontsumitzen ditugun elikagaien espekulazioa ahalbidetzen duen merkatutik kanpo kokatzen den bidezko elikadura ziurtatuz. Gure lurrak lantzen dituzten langileak zaintzen ditugu, lan duina eskainiz eta gure proiektuen parte izateko aukera emanez. Nekazaritzan diharduten baserritarren jakintza zaintzen dugu, pertsona horiek guztiak erreferenteak izan baitira, eskoletan, elkarteetan, unibertsitatean edo lanbide ezberdinetan herri-jakinduria eraikiz. Gaur egun, sektore pribatua jakinduria horretaz baliatzen ari da, onura hori itzultzeko ezintasuna erakusten duen bitartean. Jakintza gorde eta partekatu duten pertsona guztien lana erreibindikatzen dugu, inongo errezelorik eta etekin ekonomikorik gabe transmititzeko gai izan baitira.
Pertsonen osasuna zaintzen dugu, eta elikadurari lotutako errespetuzko “egiten-jakitearen kultura” aukeretako bat izatea bermatzen dugu, janaria banalizatzen duen gizarte-krisiaren aurrean, egunero elikatzea bezalako oinarrizko premiarekin zerikusirik ez duten beste jarduera batzuk goratzen dituen gizarte-krisiaren aurrean.
Hala ere, batzuetan, lanaren eta lanaldi luzeen balioa galtzea, eta gizartearen sostengu txikia, etsigarriak izan daitezke. Zerbaitegatik, nekazaritza-sistemen erresilientziaz, eta aldaketak arintzeko duten gaitasunaz hitz egiten da, eta horregatik, tokiko merkaturatze-sareei eusten diegu, lurraldeetako loturak eta tokiko ekonomien premia zehatzak zaintzen dituzten sareak dira, errazago egiten dituztenak giza eskala batean funtzionatzen duten inter-dependentzian oinarritutako bizitzak, eta aldi berean, egitura-aldaketa handietatik babesteko gaitasuna erakusten dutenak.
Horregatik eskatzen dugu:
- Merkatura joatea, hainbat ekoizlek parte-hartze duten kontsumo-taldeetan antolatzea, eta haien lana baldintza duinetan ziurtatzea. Erosi bertako dendetan, sostengatu zure herriko edo auzoko ekonomiak, eta galdetu jaten duzunaren jatorriaz. Ez xahutu janaria, eta sukaldatzeak ez diezazula alferkeriarik eman. IGEtan (Ikasleen Gurasoen Elkarteetan) eskola-jantokiko menuaz hitz egin dezazun eskatzen dizugu, ospitalean sasoiko barazkiak izatea eska dezazun. Azken batean, aldarrikatu zure eskubideak, zure Elikadura Burujabetza bermatzeko.
- Ostalaritza-sektoreko langileak elikadura- eta energia-pobreziaren inguruan prestatzeko eskatzen dugu.
- Prozesatutako elikagaiek zure osasunean duten eraginari buruzko informazioa eskatzea.
- Borondate politikoa eta egiturazko aldaketak eskatzen ditugu elikadura segurtasuna bermatu ahal izateko, preziotik elikagaiek benetan duten baliora dagoen aldea murriztuz.
- Desazkundearen aldeko apustua egitea, ontzikiei buruzko legea berrikustea, elikagaien merkatuan plastikoak murriztea, eta elikagaien merkataritzako itunek espekulazioa ez betikotzea, eta egungo nekazaritza-estraktibismoan oinarritutako merkatu "berdea" ez defendatzea.
Ez dugu fatalismorik behar, eta ez dugu kontsumo-proposamen indibidualik onartzen. Gaixotuta aurkitzen den ingurugiro batean ekoiztea oso zaila da, eta urik gabeko elikagaiak ekoiztea lan konplexua eta garestia da. Kapitalismo estraktibista eta harrapariak sortutako klima-aldaketaren ondorioak dira, urtez urte, gure inguruneari ekoizpen-ahalmena kentzen eta nekazaritza-ekoizpena problematizatzen joan direnak, lurra lantzen duten eta besteak elikatzen dituzten ekoizleen bizitzari eusteko beharrezkoak diren produktibitatea eta errendimendua murriztuz.
Beraz, ez gara Europako politikez soilik ari, gu ere parte garen gizarte zibilari kontzientzia eta koherentzia kolektiboa jartzeko eskatzen diogu. Axolagabekeriari aurre egitea eskatzen dugu, guretzat eta lurrarentzat osasuntsuak eta bidezkoak diren elikagaiekin elikatzea aldarrikatzen dugu, Elikadura Burujabetza bermatzen duten Agroekologia bezalako praktika iraunkorren bidez.
NATURAK OHARTARAZTEN GAITU, ZIENTZIAK BAIEZTATZEN DIGU, ETA JATORRIZKO HERRIEK ABISATZEN DIGUTE:
ELIKADURA-AXOLAGABEKERIARI AURRE EGIN ORAIN!
BSP Sare Iberikoa